| Duela
berrogei urte, Orbaibarrako Orisoain herriko parrokian ormak
eta zoruak zaharberritzeko eta garbitzeko lanak egiten ari
zirela, herritarrek kripta bat aurkitu zuten. Herriko zaharren
oroimenean ere ez zegoen kripta horren oroitzapenik; hori
izan da elizaren barruan ehunka urteetan ondoen gordetako
sekretua.
Done Jakuerako bideetako adarretan
eliza gutxi dira antzeko erainkutza dutenik. Orisoaingo honetan
garbi ikusten da maixuaren asmoa: muinoak berak eskaintzen
zion lursailaren desnibela baliatu zuen mistizismoaren funtsa
islatzeko, hau da lurraren eta zeruaren etengabeko lotura
sinbolikoa. Honen kasuan, mendiaren eta harpearen arteko lotura,
agerikoa eta ezkutukoa adieraziz.
Eliza honen arkitekturan zerizan
berbera aurkituko dugu berriz ere, zerua eta lurra bat eginda
habetartearen barnean, kripta dagoen espazioan. Zutabe prismatikoek
osatzen duten laukiak lurra irudikatzen du, kapitelen artetik
zerurantz irekita. Kapiteletan hiruk landareak, bolak eta
zeruko hierarkiak dituzte; laugarrenak, lehoi sagitario simetrikoak,
bizkar gainean duten hegaztiari begira. Zutabeetako xakeztatuan
geratzen dira kupulari –gaur egun dasagertua–
eusten zioten arkuen abioak, eta, albo batean, gelaxkara sartzeko
atetila.
Eskulturan dualtasunaren ideia
dugu berriz ere, aurkakoak eta osagarriak, bien artean unitatea
osatzeko. Hori adierazteko erabiltzen du batetik, bi sugek
osatzen duten ouroboroa –batak bestearen buztanari kosk
egiten–; bestetik, gora eta behera begiratzen duten
pertsonaiak; eta, azkenik, ogia eta ardoa dituen bikotea.
Eliza hauek, Orisoaingo San Martinek, Olletako Jasokundeak
eta Etxanoko San Pedrok, eskultura eredu berbera konpartitzen
dute kapiteletan, erabilera nagusikoa izan arren, aldi berean
zaila azaltzeko. Bi munduen arteko lotura irudikatu ohi dute,
lurrekoa eta zerukoa, horretarako tronpa eta hustuketa erabiliz,
eta aingeru itxurako aurpegiz eta siluetaz lagunduta. Ideia
hori sinple eta argi islatzen duen eskultura arkuaren eskuin
kapitelean aurkituko dugu.
Aldarearen aurreko tranpa-ohola
zabalduta, kriptara eramango gaituen eskailera dago. Bertara
sartzeko burua makurtu beharko dugu, belaunikatzeko bezala,
eta bi arku txikiren artean pasa. Absidearen azpian, hiru
zutabe aurkituko ditugu iparreko hormari atxikiak, eta beste
hiru hegoaldera, metro bateko altuerakoak, gutxi gora behera.
Zutabe horietatik irteten dira labe-ganga erdiari eusten dioten
nerbioak. Horien erdian, ekialdera begira, turuta-gezileihoak
–absidearen jatorriko bakarra–, egunsentian pare
bat minutuz argi-sorta sartzen uzten du. Fenomeno hori ikus
daiteke zazpi astetan zehar, udazkeneko ekinokzioa baino lehen
eta udaberrikoaren ondoren.
Kriptaren txikiak agerian uzten
du eskulturen oparoa. Genesiaren enigmez eta argiaren bideaz
hitz egiten du, fededunen eta erromesen gogarterako eta begiesterako.
Baditu, sinbolo horien ardatz izan ohi den dualtasunari jarraiki,
irudi aurkakoak eta osagarriak esanahi aldetik, zutabeak aurrez
aurre. Kapiteletan simetria bilatzen da arketipo xumeak eta
antzinakoak erabiliz, hala nola maskorrak, hegaztiak, sugeak,
palmondoak, lokarria, korapiloa, hirukia, fruitua, hazia eta
argia.
Kanpoko aldetik begiratzen
badiogu, ikusten da altxor txiki hori ibarrean kokatzea ez
dela kasualitate hutsa izan. Alde batetik, Orba ibarreko lautadak
eta mendiek bat egiten duten lekuan dago, bi zirkuluerdien
erdian, bata Alaiz, Izko eta Gerinda –azken hori, alde
menditsuenean– mendilerroen zirkuluerdia; eta bestea,
Artaxonako mendixkena, haren mahasti-, olibondo- eta zereal-soroekin
mugan.
Bestetik, bailara barruko bi bide nagusien gurutzebidean dago,
erdi-aroko erromesek hainbestetan erabilitakoak.
Gain horretatik, gure begien aurrean agertuko da ermitaz eta
landa-elizaz zipriztindutako paisaia. Ikuspegi ederra inondik
ere.
castellano
SARRERA
|
|