Duela berrogei urte, Orbaibarrako Orisoain herriko parrokian ormak eta zoruak zaharberritzeko eta garbitzeko lanak egiten ari zirela, herritarrek kripta bat aurkitu zuten. Herriko zaharren oroimenean ere ez zegoen kripta horren oroitzapenik; hori izan da elizaren barruan ehunka urteetan ondoen gordetako sekretua.
Done Jakuerako bideetako adarretan eliza gutxi dira antzeko erainkutza dutenik. Orisoaingo honetan garbi ikusten da maixuaren asmoa: muinoak berak eskaintzen zion lursailaren desnibela baliatu zuen mistizismoaren funtsa islatzeko, hau da lurraren eta zeruaren etengabeko lotura sinbolikoa. Honen kasuan, mendiaren eta harpearen arteko lotura, agerikoa eta ezkutukoa adieraziz.
Eliza honen arkitekturan zerizan berbera aurkituko dugu berriz ere, zerua eta lurra bat eginda habetartearen barnean, kripta dagoen espazioan. Zutabe prismatikoek osatzen duten laukiak lurra irudikatzen du, kapitelen artetik zerurantz irekita. Kapiteletan hiruk landareak, bolak eta zeruko hierarkiak dituzte; laugarrenak, lehoi sagitario simetrikoak, bizkar gainean duten hegaztiari begira. Zutabeetako xakeztatuan geratzen dira kupulari gaur egun dasagertua eusten zioten arkuen abioak, eta, albo batean, gelaxkara sartzeko atetila.
Eskulturan dualtasunaren ideia dugu berriz ere, aurkakoak eta osagarriak, bien artean unitatea osatzeko. Hori adierazteko erabiltzen du batetik, bi sugek osatzen duten ouroboroa batak bestearen buztanari kosk egiten; bestetik, gora eta behera begiratzen duten pertsonaiak; eta, azkenik, ogia eta ardoa dituen bikotea. Eliza hauek, Orisoaingo San Martinek, Olletako Jasokundeak eta Etxanoko San Pedrok, eskultura eredu berbera konpartitzen dute kapiteletan, erabilera nagusikoa izan arren, aldi berean zaila azaltzeko. Bi munduen arteko lotura irudikatu ohi dute, lurrekoa eta zerukoa, horretarako tronpa eta hustuketa erabiliz, eta aingeru itxurako aurpegiz eta siluetaz lagunduta. Ideia hori sinple eta argi islatzen duen eskultura arkuaren eskuin kapitelean aurkituko dugu.
Aldarearen aurreko tranpa-ohola zabalduta, kriptara eramango gaituen eskailera dago. Bertara sartzeko burua makurtu beharko dugu, belaunikatzeko bezala, eta bi arku txikiren artean pasa. Absidearen azpian, hiru zutabe aurkituko ditugu iparreko hormari atxikiak, eta beste hiru hegoaldera, metro bateko altuerakoak, gutxi gora behera. Zutabe horietatik irteten dira labe-ganga erdiari eusten dioten nerbioak. Horien erdian, ekialdera begira, turuta-gezileihoak absidearen jatorriko bakarra, egunsentian pare bat minutuz argi-sorta sartzen uzten du. Fenomeno hori ikus daiteke zazpi astetan zehar, udazkeneko ekinokzioa baino lehen eta udaberrikoaren ondoren.
Kriptaren txikiak agerian uzten du eskulturen oparoa. Genesiaren enigmez eta argiaren bideaz hitz egiten du, fededunen eta erromesen gogarterako eta begiesterako. Baditu, sinbolo horien ardatz izan ohi den dualtasunari jarraiki, irudi aurkakoak eta osagarriak esanahi aldetik, zutabeak aurrez aurre. Kapiteletan simetria bilatzen da arketipo xumeak eta antzinakoak erabiliz, hala nola maskorrak, hegaztiak, sugeak, palmondoak, lokarria, korapiloa, hirukia, fruitua, hazia eta argia.
Kanpoko aldetik begiratzen badiogu, ikusten da altxor txiki hori ibarrean kokatzea ez dela kasualitate hutsa izan. Alde batetik, Orba ibarreko lautadak eta mendiek bat egiten duten lekuan dago, bi zirkuluerdien erdian, bata Alaiz, Izko eta Gerinda azken hori, alde menditsuenean mendilerroen zirkuluerdia; eta bestea, Artaxonako mendixkena, haren mahasti-, olibondo- eta zereal-soroekin mugan.
Bestetik, bailara barruko bi bide nagusien gurutzebidean dago, erdi-aroko erromesek hainbestetan erabilitakoak.
Gain horretatik, gure begien aurrean agertuko da ermitaz eta landa-elizaz zipriztindutako paisaia. Ikuspegi ederra inondik ere.